Asier Aurrekoetxea
Duela hilabete batzuk, lantegiko lagun batekin hizketan nengoela, bere familiako arbasoen atzetik zebilela esan zidan (Bere aitonak beste lau anai izan zituen). Erregistroetan bilatzen zebilela, dokumentu batean haietariko bat, Bizkargi mendian hil zela jartzen zuen. Ni mendizalea izanik, galdezka etorri zitzaidan, ea non zegoen mendi hori. Mendiaren izenaz galdetu zidanean, non zegoen adierazi nion. Dokumentu hartan , bere familiakoa hil zen eguna ere adierazten zen. Data hura izan zen interesa piztu ziguna. 1937-ko ekainaren 11. Egun hori oso garrantzitsua da Bizkaian, Gerra Zibilean egun horretan gertatutako borrokaldiak direla eta. Nazionalek egun horretan, Bizkargitik hasi eta Fikarantz doan mendilerroa erasotu zuten. Honela Burdin Hesia erasotzeko toki egokia lortuko zuten matxinatuek. Ekainaren 11n artileria eta hegazkinen bonbardaketen arteko su eraso baten ondoren, Nafarroako Lehen Brigadak, Carlos Marx eta Prieto gudataldeak Urkullutik alde egitera behartu zituzten. Nahiz eta gau horretan bertan kontraeraso indartsu bat egin, gobernuaren aldekoek ezin izan zituzten euren helburuak lortu.
Nafarroako Lehen Brigadak eginiko erasoa 1937/6/11. (www.cinturondehierro.net)
Datu hauek genituela, bere familikidea Gerra Zibilean aritu zela argi zegoen. Horrela hasi nintzen miliziano honen datuen atzetik. Egun horretan aritutako gudaloruen datuak behar nituen, beraz ez zen erraza izango, hainbat aritu izan zirelako eta alderdi politiko ezberdinetakoak. Egun hartan inguru horretan ibilitakoak Prieto eta Karl Marx ziren. Ez genekien ze ordutan hil zen beraz, Abellaneda, Sacco Vancetti eta asturiar gudaloru bi ere aritu zirela bagenekien. Asturiarrak kenduta beste lauretan erdiratu genituen gure lanak. Artxiboetan aritu eta gero, ez nuen miliziano honen daturik aurkitu. Datu asko eta asko begiratu eta gero, ezer ez topatzeak, iluzio galtze apur bat ekarri zidan.
Hala ere, beste bide batetik jo nuen. Bizkargi mendia, Maitzean galdu zenean, bere defentzan Salsamendi eta Prieto gudaloruak izan ziren bertan. Artxiboetan nenbilela, topatzen ari nintzen milizianoaren anaia aurkitu nuen 26. karl Liebknecht (Komunista) gudaloruan. Roque Bidetxea Uriondo.Logika apur bat jarraituz bere anaia gudaloru komunista batean egon zitekeela iruditu zitzaidan beste anaia. Gainera Salsamendi Ekainean ere inguruetan aritu zen defentza lanetan. Izan ere Salsamendi hilabete arinago Bizkargi mendia defendatzen aritu zen. Salsamendi gudaloru komunista bat izan zen eta bere nominak ikustera jo nuen artxiboetara. Han agertzen zen bere izena.Doroteo Bidetxea Uriondo. Ez zegoen dudarik, Salsamendi gudaloruan aritu zen miliziano hau eta, bai, Bizkargi inguruko borrokaldietan hil zen 1937 ko Ekainaren 11-an. Oso aurkikuntza garranztitsua izan zen, bai neuretzat eta bere senidearentzat. Historiak galduta izan zuen gizon honen memoria argira atera dugulako.
Salsamendi Gudaloruaren bandera. (Historia de la Guerra Civil en Euskadi)
Bermeotar hau, hasieran Gernikako Arbola deituriko gudaloruan izendatu zen boluntario gisa. Inguruetako 130 milizianoz osaturiko indarra lortu zuten, hau da, konpainia baten gizon kopurua. Beraz, beste kide batzuekin batu zirenean sortu zen Salsamendi Gudalorua.Zehazki dakigu, Larrabetzu, Bizkargi eta Urkullu mendietan aritu zela. Ekainaren hamaikan, oso eraso bortitzak eman ziren bertan eta hildako asko egon ziren. Euren artean gu bilatzen ari ginen Bermeotar miliziano hau.
Salsamendi Gudaloruaren nominak.Doroteo Bidetxea Uriondo-ren izena agertzen da. (Eusko Jaurlaritzaren artxibo historikoa).
Artxibo honetan agertzen da milizianoaren izen abizenak eta bere miliziano zenbakia.
Indalezio Ojangurenen argazki honetan, Aurremendi mendia ikusi dezakegu, bere ondoren Urkullu legoke nahiz eta ez ageri, Ezkerrean Burdin Hesia ageri da, Gaztelumenditik Berreagara doan zatia. Gure gizona inguru hauetan hil zen.
Oraindik hainbat gizon-emakume daude memoriatik ahaztuta, baina eginiko lan eta egingo den lanen laguntzaz, persona hauei dagokien memoriatze, ohore eta duintasuna era batera ematea espero dugu.
Roque Bidetxea Uriondo eta Doroteo Bidetxea Uriondo anaien memoria ez da ahazturik geldituko.